Asier Gogortza Profile picture
Argazkilaria/Photographer

Dec 27, 2021, 57 tweets

Hau paisaia baten istorioa da, sortze beretik. Harizti baten istorioa. Hari luzea da, baina pentsa orain aurkeztuko dizkizudan haritz hauek 200 urte baino gehiago iraunen dutela agian. Badituzu 10 minutu? #2020hariztia ⤵️

2019ko udazkena zen, pandemia aurreko azken udazkena. Baina artean ez genekien hori. Bizikleta hartuta Ibardinetik pasatu nuen muga eta Urruña aldera jautsi nintzen. Biriatura joan asmo nuen, gero Bidaso bazterretik goiti Berara itzultzeko.

Maiz egiten dut bizikleta itzuli hori. Bide hoietan barna auto gutti ibiltzen delako, paisaia ederrak daudelako eta muga bi aldiz gurutzatu behar delako. Muga ahal den guzietan gurutzatu behar baita.

Itzuliaren zatirik politena Tomaseneko bidea da beharbada, Urruñako lurretan. Larun mendiaren begiradapean zoazela, Beñatbaita baserri parean, hantxe agertzen dira bi haritz dotore hoiek. Inguruko paisai guztiaren jaun eta jabe. Bertatik pasatzen nintzen aldiro miresten nituen.

Baina aldi hartan desberdina izan zen. Aldi hartan gelditu egin nintzen. Arbolen azpitik pasatzean bide bazterrak ezkurrez beteak ikusi nituen eta bakan batzuk hartzea otu zitzaidan. Pentsatu gabeko keinu bat izan zen, makurtu, bizpahiru ezkur hartu eta mailoteko sakelean sartu.

Kontua da keinu horrek zerbait piztu zidala kaskoan eta etxera orduko bi erabaki behintzat hartuak nituela. Bat, ezkurrak erein eta landareak nola sortzen ziren ikustea. Eta bi, ezkur gehiago biltzea. Pentsatu eta egin. 2019ko urte bukaerarako 100 ezkur ereinak nituen.

Halaxe joan zen urtea eta etorri zen 2020a. Denek gogoratuko dugu zertan ari ginen urte hasiera hartan eta nola pandemia hotsak gero eta ozenago hasi ziren aditzen, gainerako guztia estali zuten arte.

Bapatean konfinamendu betean ginen, etxetik atera ezinik eta probisionalki kontenplazioari emanak. Guk hauxe ikusten genuen etxetik.

Aspaldi galdutako ohitura onak berreskuratu genituen etxe aunitzetan. Bertzeak bertze, egunkaria paperean irakurtzea. Izan ere, horrek plazer bikoitza ematen zuen konfinamendu garaian, lehenik erostera joaterakoan eta bigarrenik etxean patxadaz irakurtzean.

Kontua da etxean ginen egun hoietan jadanik erdi ahantziak nituen ezkurrak banaka-banaka ernetzen hasi zirela. Ustekabean. Poz handia izan zen egunetik egunera haritzak nola sortzen ziren ikustea.

Gainera ohiko bizitza erritmoa gelditu edo behintzat geldotu genuenez nahi adina denbora banuen haiei begira egoteko. Horrela hasi nintzen landare sortuberriei izenak jartzen, jostetan bezala.

Pertsonei izena jartzen badiegu, pentsatzen nuen nere baitan, nolatan ez diogu ba izenik jarriko 5 aldiz gehiago biziko den zuhaitz bati? Hortaz, landareentzat egokiak izaten ahal ziren izenak bilatzen hasi nintzen egunero Berria irakurtzen nuen bitartean.

Haietako aunitzek ezinbestean pandemiarekin zuten lotura: Covid-19, Mers, Wuhan, Pangolin…
Behin haritza bataiatuta, Berriako orrialdea hartu, landarea harekin jantzi eta argazki bat egiten nion ongietorri modura.

Azkenik, bertzeetatik bereizteko, arropa eskegitzeko pintza batean idazten nien izena.

Egun haietan utzi gintuzten artista batzuk ere zuhaitz bihurtuko ziren horrela: Little Richard, Zumeta, Ulibarrena…

Toki izen batzuk ere bai: Tripoli, Kongo, New Deli, Ararat…

Bertze batzuk ez ziren aktualitatearekin hain zuzenki lotuak, baina beti ere Berriako orriren batean irakurritako izenak ziren. Doraemon, Oihame, Kaiobeltza, Tartaruga… ez erran ez direnik izen politak zuhaitz batentzat.

Eta horrela jarraitu nuen denak bataiatu arte: Pantxika, Cabacas, Benjamin, Goliath, Mao, Gernika, Stilinovic, Tutsi, Irati, Artze, Cabezafuego, Aristregi, Laboa, Steinem…

Ariketa dibertigarria izan zen, eguneko egunkaria bezain gauza iragankor batetik abiatuta ehundaka urte irauten ahal duen zuhaitz bati izena jartzea. Mendea eta segundua gurutzatzen diren lekua, inondik ere.

Landatzen diren egunean konfinamendu garaiaren lekukotasuna emanen dute arbol hauek, pandemia-garaia daramatelako bihotzean, seguraski hurrengo hamarkada luzeen norabaidea markatuko duen pandemia-garaia.

Eta bitartean argazkiak egiteko lehengai bikaina dira neretzat. Hona hemen lehen argazki saioetatik ateratako irudi batzuk.

Joan zen 2020ko uda eta etorri zen negua, eta landare sortuberriek lehen aldiz bota zituzten hostoak. Izan ere, arbolek ez dituzte hostoak galtzen, nahita uzten dituzte erortzen. Zergatik? Bada neguan hormatu ez daitezen eta izotzak zuhaitz osoari kalterik egin ez diezaion.

Bitxia da, baina erraten ahal da arbolek fotometro antzeko bat dutela soinean, eta inguruan dagoen argi kopuruaren arabera jakiten dutela negua noiz datorren, edo udaberria hurbiltzen ari den… eta horren arabera erantzun fisiologiko desberdin bat ematen diote sasoi bakoitzari.

Prozesu honek fotoperiodismoa du izena. 
Duela zenbait urte zuhaitzei buruzko argazki lan bat egin nuen prozesu hori aitzaki hartuta. Etxean egindako kamera batzuk lurperatu nituen oihanean, arbolen adarrei begira.

Kamera tokitik mugitu gabe argazki esposizio bikoitza egiten nuen, lehen esposizioa neguan eta bigarrena handik 6-8 hilabetera, uda betean.

Bi esposizioak egin ondoren kamerak bildu eta laborategian errebelatzen nituen negatiboak. Denboraren lerro jarraia hautsiz, 6 hilabeteko denboraren sintesia biltzen zuten argazki hauek.

Bainan itzul gaitezen harira, adarretan gehiegi galdu gabe. Erran bezala, lehen negua pasatu dute gure haritz gazteek, bainan ez denek, zenbaitek ez dituzte neguko eguraldi gorriak gainditu. Udaberrian 100 haritz nituen eta negu ondorenean 60 bat. Honatx bidean gelditutakoak.

Tarte horretan Berako Udalarekin jarri nintzen harremanetan proiektu honi buruz hitz egiteko. Galdegin nien ia herri lurretan landatzen ahal nituen haritz batzuk. Baietz, aukeratzeko toki bat.

Horrela, Urruña eta Bera arteko mugan dagoen paraje bat aukeratu nuen, Erentzu mendiaren magalean. Toki aski berezia da mendiko bide ugari elkartzen direlako bertan, eta bistak ere paregabeak ditu.

Horrek Urruñako Udalarekin elkarlanean aritzera behartzen zituen, bi administrazio desberdinen pean dauden bi herri izanik. Baina ongi hartu zuten proposamena eta hala jarri zen Aitor Elexpuru Berako alkatea Urruñako auzapezarekin harremanetan, Filipe Aramendirekin.

Urruña eta Berako lurrak elkartzen diren tokian haritzak bi borobiletan landatzea proposatu nien, Frantzia eta Espainiako estatuen muga erdian hartuz. Harizti honek bokazio artistikoa izanen luke hasieratik: lurraldea, paisaia eta denbora bezalako gaiak lantzeko asmoz sortua da.

Urruñako Herriko Etxean ere aski harrera ona izan zuen proiektuak eta hortaz hurrengo pausua adostu genuen, landaketa egiteko tokian bertan hitzordu bat alkate, mendiko zinegotzi eta basozainekin. 2021eko irailean izan zen hori.

Ibardingo Txorilepo bentan bazkaldu genuen eta ondotik mendira jo genuen landaketa tokia ezagutzera. Argazkian, ezkerretik eskuinera: Manaus, Merkel, Schengen, Nere, Sontag, Zubieta… eta atzean Bera eta Urruñako Udaletako ordezkariak.

Urruña eta Berako basozainek aholkatu ziguten arbolak neguan, eta ahal dela aste pare batez euria egin ondoren landatzeko. Udazkena nahiko lehorra joan zen bai, baina azaro hondarrean euria hasi eta ez zuen nahi orduko atertu. Bidasoak gainezka egin arte bota zuen.

Joan den astean, azkenik, lainopetik atera ginen eta arbolak landatzeko eguna adostu genuen Udal ordezkariekin. Abenduaren 21a izanen zen, neguko solstizioa. Argazkian Udal langileak: Urtzi, Vincent, Baptiste eta Yoan.

Egun haundiaren bezperan zuloak egitera joan ginen, nik lehenagotik markatutako tokietan. Hasi gara pala eta pikotzarekin zulatzen eta hasieran lur gozoa irudi zuen arren nire zuloan harriak agertzen hasi dira laster. Harri kozkorrak lehenik eta harri handi-handi bat gero.

Zer da eta landutako harlauza bat aurkitu dut lur azpian. 50 zentimetro zabal eta 80 bat luze. Ez sinestekoa.

Langileen laguntzarekin atera dugu eta lurrean etzan dugu hobeki ikusteko. Ez dago dudarik harlandua dela, baina ez jakin zergatik eta noiztik zegoen harri hori lur azpian.

Megalito tokia denez, harrietaz gehien dakienetako bati deitzea pentsatu dut eta lagun baten bidez Hilarriak taldeko Luis Millan ukan dut telefonoan.

Arratsalde hortan bertan etorri zait Luis eta tokia erakutsi diot. Harlandua dela bai, baina berak ere ez du argi harriaren funtzioa zein zen, eta Aranzadikoei bidali dizkie harriaren argazkiak eta kokalekua. Zer ote da harri hau?

Ustekabeko ederra izan da harriarena, ikusiko da segidarik ote duen nonbaitetik. Hala ere honek ez ditu lanak atzeratu eta hortxe elkartu gara biharamunean hariztiaren landaketa egiteko. Banaka-banaka 27 haritzak sartu ditugu lurpean eta babesteko sarea jarri diegu inguruan.

Erran bezala, bi zirkulutan emanak izan dira haritzak, borobil handian hamazazpi haritz eta ttikian, berriz, hamar.

Argazkietan ez da ageri baina maparen arabera hor dago, bi zirkuluen erdi-erdian, muga marra. Orain, ordea, mapetan ez dagoen espazio berri bat sortu da haren gainean. Izan ere, lurraldeak eta paisaiak ez dira berez sortzen, guk ditugu moldatzen, lantzen, aldatzen, errausten…

Momentuz honaino ekarri gaitu ezkur ale batzuk bilduta 2019an abiatu zen bidaiak. Hemendik aitzinera zeinek jakin ze ibilbide eginen duen 2020ko hariztiak? Sikiera negu hau pasatuko dute haritzek? Ala 200 urte iraunen dute?

Ustekabeko gehiago izanen da bidean, hori da gauza segurua. Agian heldu den abenduan kontatuko dut nola iragan den 2022a Erentzuko magalean. Mila esker honaino irakurri baldin baduzu, eta urteberrion!

Share this Scrolly Tale with your friends.

A Scrolly Tale is a new way to read Twitter threads with a more visually immersive experience.
Discover more beautiful Scrolly Tales like this.

Keep scrolling